Wy/eu/Korsika

< Wy | eu
Wy > eu > Korsika

Korsika Mediterraneoko uharte bat da.

Sarrera

edit

Esan daiteke, geologiari buruzko xehetasunetan murgildu gabe, Korsika Mediterraneo itsasoaren erdian jarritako Alpeen zati bat izan litekeela, inguruan hondartza eta labar ugari daukana, eta barnealdean, berriz, kontinenteko haran alpinoak gogoraraziko dizkiguten mendi garai eta basoak. Izan ere, Errestonikako haranen batean jarriko bagintuzte non gauden jakin gabe, zin egingo genuke Alpeetako txokoren batean gaudela.

Mendilerro ikusgarri batek zeharkatzen du uhartea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Itsas mailatik 2.000 metro baino gorago dauden ehun gailur baino gehiago dago; urteko sasoi gehienetan elurrez estalita egoten den Cinto mendiaren 2.706 metroak nabarmentzen dira. Itsasertzetik 30 kilometro baino gutxiagora dago Cinto. Distantzia horren eta haren altueraren arteko erlazioak erakusten digu zein bertikala den Mediterraneo erdiko mendikate hau.

Orografia bihurriak etengabe baldintzatu du uhartearen historia. Ipar-ekialdea eta hego-mendebaldea askotan elkarrekiko inkomunikatuta geratzen ziren elurte handien ondorioz; batzuetan haran batetik betera igarotzea ere ezinezkoa zen. Lan gogorra inbaditzaileentzat. Korsikarrak mendi inguruetan bizi ziren batez ere, nahiago zituzten horiek kostaldea baino, eta mende askoan gerrilla bidez oldartu zitzaizkien beraiek baino boteretsuagoak ziren ejertzitoei. Baina alde batetik beren nortasunari eusteko balio izan zuena, jaiotza kopurua txikia izatea eta korsikarren arteko zatiketa areagotzea eragin zuen bestetik. Bereizketa horrek muga ideologiko, sozial eta, ezinbestean, linguistikoak sortu zituen.

Hamaika inbasio

edit

Korsikako historia nahasia eta bitxia izan da. Haren ondorioz, nazio nortasun sendoa eta independentzia nahi irmoa garatu da bertakoengan. Irlaren kokagune estrategikoak herri askoren arreta piztu zuen; ia hiru milurtekoan, feniziarrak, greziarrak, erromatarrak, bandaloak, bizantziarrak, pisarrak, aragoiarrak, genovatarrak eta, 1768tik, frantziarrak uharteaz jabetu ziren, inbasio eta inbasio artean autonomia eta independentzia tarte laburrak utzita bertakoei.

Gaur egun Korsikak beste inbasio bat jasaten du, ez hain liskarzalea, lurraldea bereganatu ordez egun edo aste batzuetako bisita egiteko asmoa baino ez duena. Uhartearen diru-sarrera iturri nagusia da turismoa, izan ere. Eta handiagoa izango litzateke bisitak hartzeko azpiegiturak hain mugatuak ez balira. Oso litekeena da horrek, kalte egin baino, onura ekartzea epe luzean, bertako natura asko hondatzea eragotziko baitu, eta zalantzarik gabe horixe bera da, natura, kanpotarrei eskaintzeko Korsikak daukan balore nagusia.

Itsasotik arroiletara, urrats bat baino ez

edit

Muturrak harrigarriak dira Korsikan. Ezin zaitezke aldendu 40 kilometro baino gehiago Mediterraneo epeleko hondartzetatik, baina tarte hori nahikoa da naturan hamaika jarduera, askotarikoak, egin ahal izateko. Ghisoni, Vergio edo Val D´ese-ko pistetan eski egun bat negu gorrian, uhartea iparretik hegora zeharkatzen duen GR-20 ibilbidean barnako mendi txango gogorrak, arroila jaitsiera kirol horretarako Europan dauden lekurik interesgarrienetako zenbaitetan, eta beste asko, hala nola urpekaritza eta bestelako ur jarduerak. Kulturaz edota mediterranear klimaz gozatzeko aukera ere badela kontuan hartuta, era askotako turismorako gune ezin hobea da Korsika.

Bastia, hiririk korsikarrena

edit

Uhartera sartzeko lekurik onena Bastia da, ipar-ekialdeko erdiko hiriburua, eta Korsikako itsasertzeko hirien artean berezia. Oso agerikoa da Genovaren eragina, bai arkitekturan bai kaleen saretzean. Korsikar kostaldeko hiririk “benetakoena” da Bastia, zalantzarik gabe; ez da ahaztu behar itsasertzeko hiri handienak inbaditzaileek eraikitakoak direla. Bastia ez da beste hiri batzuk –esaterako, Ajaccio– bezain arranditsua, baina uharte osoko porturik jatorrena dauka: kafetegi ugarien artean, ainguratutako belaontziei so paseatzen duten jubilatutako arrantzaleak nonahi dabiltza bertan.

Bastiatik Korsikaren iparraldera irits gaitezke. Populazio txikieneko eskualdea da, eguraldiaren zabarkeriaren aurrean babes txikiagoa duelako. Hiritik abiatzen den errepide bihurgunetsu batek aukera ematen du Corse lurmuturra dagoen penintsula osorik inguratzeko. Ehunka senaia txiki ezkutuan gordetzen dituzten amildegi ikusgarrien ertzetik, dorre genovatarrez jositako lurmuturrera hel daiteke.

Sortaldeko kostalde labartsua

edit

Uhartearen ekialdea are malkartsuagoa da, baita ikusgarriagoa ere. Labarrak itsasoan murgiltzen dira, eta han-hemen mediterranear izaera agerikoa duten arrantzale herrixkak aurkitzen ditugu. Errepide horretatik Agriates-eko kostaldean sartuko gara: babestutako 40 kilometroko itsasbazterra, eskualdeko altxor natural handienetako bat.

Sortaldeko itsasertzari jarraituz, iparreko senaia ezkutuekin zerikusirik ez duten hondartza luzeak ikusiko ditugu. Hala ere, kostalde mediterranearreko leku askok jasan duten higiezinen boom-a ez da honaino iritsi, ez behintzat hain neurri handian. Horri esker, gune askotan aukera dago errepidetik irten eta jendetza handi batekin topo egin gabe hondartzetara gerturatzeko, baita udan ere.

Kostalde horretatik bertatik uhartearen barnealdera joan daiteke, zenbait mendate esanguratsu gaindituz. Eskualde berezia da hau, baso handiek estalitakoa. Gaztainondoa da nagusi, eta hartatik hartu du izena Gastagnicciak, gaztainaren inguruan bizi den eskualdeak; hango negozioetan zein gastronomian ohorezko lekua du fruitu horrek. Bailara hau bisitatuz irlako historiaren zati garrantzitsu batean murgilduko gara, Pasquale Paolik, Korsikaren independentziaren defendatzaile nagusietako batek, bertan utzi baitzuen bere oinordetzaren zati handi bat.

Uhartearen bizkarrezurretik hegoalderantz joz, Corte hiria aurkituko dugu. Korsikako benetako bihotza, mendiz inguratua eta Restonica eta Tavignano ibaiek bat egiten duten lekuan kokatua. Corte izan zen Korsika independenteko hiriburua Paoliren gobernuak iraun zuen bitartean, 1755 eta 1769 artean. Urte hartan, frantziarrek mendean hartu zituzten korsikar osteak, Pontenuovoko guduan.

Restonicako Arroilak

edit

Corte pribilegiozko toki batean dago: Restonica ibaiaren ibilguari jarraituz, uharteko mendi malkartsu eta ikusgarrienen bihotzean sartuko gara. Mendiko ibai honen hamalau kilometroetatik, gehienak Restonicako Arroilen barruan daude; ur-jauzi ugari dago bertan. Ibaiak 1.300eko altuera galtzen du ibilbide horretan, eta haren uharkak Korsikako haran eder eta basatiena sortu du. Korsikar mendien sargunea izanik, urtero jasotzen du milaka lagunen bisita; lasai paseatzera joaten dira batzuk, mendi kirol zorabiagarriak egitera beste batzuk.

Itsasertzerantz berriro, uhartea zatikatzen duen mendikatea zeharkatuko dugu Korsikako hego-mendebaldearen hiriburura, Ajacciora, joateko. Atzean utziko ditugu hiritik ikus daitezkeen mendi garaiak, neguan irudi bitxia eskaintzen dutenak: Mediterraneoaren gaineko zerumuga elurtua. Kaleek, monumentuek, estatuek, etengabe gogorarazten dute Napoleon Bonaparte enperadorea izango zena Ajaccion jaio zela 1769ko abuztuaren 15ean, frantziarrek uhartea behin betiko bereganatu zuten urtean.

Bonifaccio, hego muturra

edit

Hegoaldeko muturrerantz goazela, paisaia alpinoak atzean utzi eta mediterranear izaera nabarmena duen ingurua zeharkatuz, Popiano eta Sartène-tik igaroko gara Bonifacciora heldu arte. Mediterraneoaren gaineko kokagune miresgarri batean dago hiria, labar luze baten goialde; izen bereko itsasartea zeharo eder ikusten da hemendik. Bonifaccioko begiratokietatik erraz hautematen dira Madalenako artxipelagoa eta Sardiniako uhartea, eta arratsalde eguzkitsuetan, itsasartea zeharkatzen duten izurde saldoak ikus daitezke hiriko harresietatik.

Erreferentziak

edit