Wy/eu/Getxo

< Wy | eu
Wy > eu > Getxo

Getxo Bizkaiko kostaldeko udalerri bat da. Ibaizabal itsasadarraren eskuinaldean dago eta 2012. urtean 80.026 biztanle zituen. Itsas-labar, hondartza eta itsasertzez inguratua, paisaia erakargarri eta irekiz betea eta arkitektura ikusgarriarekin, Getxok bere turismo, kultura eta aisialdiko aukera zabalaz gozatzera gonbidatzen zaitu. Aireportutik, Nazioarteko Erakustazokatik eta Bilboko Guggenheim museotik minutu gutxira dago Getxo eta kalitatezko tokia da, gure ingurukoa eta ingurumena zaintzeaz kezkatuta dagoen herria. Naturguneak, parkeak eta aisi-gune zabalak urtean zehar izaten diren kultur eta kirol ospakizun garrantzitsuentzat toki ezin hobea bihurtzen dira. Bertan burutzen diren kultur eta kirol jarduera ezberdinek, bertako kirolaren eta folklorearen hainbat erakustaldirekin batera, herri dinamiko eta moderno batera hurbilduko zaituzte, euskal kulturaren barruan aparteko tokia duen herrira. Getxok, dena duen herriak, oporraldia zeure neurrira egin dezazun aukera zabala eskaintzen dizu.

Zer egin

edit

Ibilbideak

edit

Andra Mari - Azkorri ibilbidea

edit

Ibilbide honek alde lasaia zeharkatzen du, landa eta basoetan barrena (ordubete eta hiru laurden behar dira, gutxi gorabehera).

Getxoko Andra Mari (edo Elexalde Getxo) auzoan sortu zen Getxoko lehen bizigunea (XII. mendean), Andra Mari elizaren inguruan. Leku horrek landa-eremuen xarma gorderik dauka oraindik ere.

Andra Mari eliza (Maidagan. Andra Mari). Barrio Loza irakaslearen arabera, elizaren jatorria XII. mendekoa ei da. Alabaina, antzinako eliza erromanikoaren hondar bakan batzuek ez besterik iraun dute. Gaurdaino iritsi zaigun eraikina, batik bat, XVIII. mendearen erdialdekoa da, mende horretako Bizkaiko eraikuntza barrokoen moldekoa.

Bi elizpe ditu, biak ere egurrezkoak. Barrualdean, birjinaren irudia dauka, jesarrita eta haurra altzoan duela. Flandesko eragina du eta gotiko-errenazimentuko aldien artekoa da. Getxo-Martiartu etxea irudikatzen duten -hainbat aldaeratan- armarri bik apaintzen dute eliza. Etxaurrean, udalerriko baserri guztien izenak ageri dira. Jendearentzako ordutegia: lanegunetan, 19:00etan; larunbat, igande eta jaiegunetan, 9:00, 11:00, 12:00 eta 13.00etan.

Eliza zahar horren aurrean, Andra Mari kiroldegi modernoa dugu. Irakurtzeko eta ikasteko gelak, pilotalekua eta probalekua daude kiroldegian. Hala, hainbat herri-kirol erakutsi ohi dira bertan, eta euskal pilotako txapelketak jokatu.

Zuhaitz artean doan ibiltokitik jaitsi, Aingeru Guardakoaren baselizara (Maidagan. Andra Mari) iritsiko gara. Benta etxearen atzean dago. Bi irudi dauzka: Aingeru Guardakoarena eta Arrosarioko Ama Birjinarena. Halaber, idazkun bat ageri da aldareko mahaian: Pedro Aldai abadearen izena eta 1649 urtea idatzita daude.

Ibilbideari jarraiki, Intxorta kaletik abiatuta, Aixerrotara (Galeako kaminoa. Andra Mari) helduko gara. Aixerrota deritzon errota antzina Getxon izan ziren haize-errota guztietan zutik dirauen bakarra da. 1726 eta 1727 artean eraiki zen. Aldi horretan, Bizkaian dokumentatu diren antzeko errota batzuk eraiki ziren; Getxokoaz gain, Artxandakoak eta Ipazterrekoak ere badiraute zutik.

Eraikuntza horiek guztiak jaso ziren XVIII. mendearen hasieran Bizkaiko jaurerrian gertatu zen lehorte izugarri baten eraginez. Hala ere, 1787 urtean, erroten ohitura galduta zegoen, eta etxebizitza gisa erabili zituzten mende horren amaieran eta hurrengoan. Aixerrotaren lehen jabea Edmundo Shee, elizatean bizi zeneko irlandar jatorriko merkatari bat, izan zen. Errota oraintsu zaharberritu da, eta arte galeria bat nahiz jatetxe ospetsu bat kokatu dituzte bertan. Jendearentzako ordutegia: egunero, asteazkenetan izan ezik, 13:15etik 21:30era.

Aixerrotaren ondotik abiatzen da Galeako itsaslabarren ondoko pasealekua. Abrako ikuspegi onena dago pasealekutik. Galea berba "gale" frantses hitzetik dator, eta itsaslabar esan gura du. Eremu horrek Frantziako Normandian dauden gres zuriko itsaslabarren eta Ingalaterrako Dover herrian dauden itsaslabarren antz izugarria dauka.

Aisialdiko gune bilakatu da Getxoko eta gure udalerriz kanpoko biztanle askorentzat. Gune horrek landa berde-berdeak eta pinudiak ditu, eta bada, beraz, izadiaz gozatzeko leku aukerakoa.

Galeako leku bikain batean, ondokoa aurkituko dugu: Printzearen gaztelua edo Galeako gotorlekua. XVIII. mendeko gotorleku ikusgarria da. Gaurdaino iritsi den mende horretako eraikuntza militar bakarra da Bizkaian. Gotorlekua eraiki zen Bilborantz zihoan itsas merkataritza zaintzeko. Jaime Sycre ingeniariak diseinatu zuen, eta obrak 1742an hasi ziren.

Ibilbidea itsaslabarren ingurutik doa, oinezkoentzako bide batetik Azkorriraino, hots, ibilaldi honetako heldueraraino. Osteratxo lasai horretan, Galeako itsasargia eta Galeako golf zelaia -Neguriko Golf Elkartearen egoitza- aurkituko ditugu.

Behatoki natural horretatik zehar oinez gabiltzala, Galea lurmuturrean dauden kalak ikus daitezke, eta apur bat aurrerago, Gorrondatxe (edo Aizkorri) hondartza. Kalitate handiko urak izateaz gain, ingurune ezin hobean dago; hori dela eta, Europako Erkidegoaren bandera urdina dauka merezimendu osoz.

Horraino helduta, oinez jarraitzen badugu, Barinatxe (Salvaje) hondartzaraino helduko gara, edo, bestela itzultzeko autobusa har dezakegu Aizkorriko geralekuan.

Bizkaia Zubia - Algortako Portu Zaharra ibilbidea

edit

Abraren ondotik doan ibilaldi ederra dugu hau (gutxi gorabehera, ordubetekoa).

Bizkaia Zubiko (esteka kanpoko orri batera, orri berria irekiko da zure nabigatzailean), edo zubi eskegia lagunartean, burdinazko egitura da (Eiffel dorrearen antza izugarria dauka), eta Getxo nahiz Portugalete lotzen ditu, Nerbioi ibaiaren itsasadarraren gainetik. Alberto Palaciok diseinatu zuen zubia, eta 1893ko uztailean amaitu zuten. Beraz, ehun urte baino gehiago dauzka.

2006ko uztailean “Bizkaia Zubia” Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Euskadin Gizadiaren Ondare izendatu den lehen gauza eta Espainiako Estatuan Industri Ondare izendatu den lehen gauza da.

Bizkaia zubitik berrehun bat metrora, parke txiki eta txukuna aurkituko dugu. Bertan, Evaristo Txurruka ingeniariari eskainitako eskultura-multzoa dago. Txurrukak Abrara sartzeko bidea erraztu zuen. Izan ere, XX. mendearen hasiera arte, oso arriskutsua zen itsasadarrera sartzea, hondarpe batek oztopatzen baitzuen sarrera. M.G. Salazarrek egin zuen monumentua 1939an, eta horren bitartez, gizakiaren eta itsasoaren arteko borroka irudikatu zuen.

Areetako kaitik zehar joanda, ontziratzeko tokia eta Abrako Itsas Elkartearen instalazioak ikus daitezke. Leku horretan, Getxoko Jose Luis Ugarte itsasgizonaren omenezko bela eskola dago. Jose Luis Ugarte nazioarteko estropada entzutetsu batzuetan hartu du parte, hala nola, "Boc Challenge" eta "Vendeé Globe" izenekoetan.

Eraikin eder-ederrak ikus daitezke kai osoan, besteak beste:

  • Itxas-Begi (Zugatzarte, 27): 1927an taxuturiko eraikina. Rafael Garamendik diseinaturiko eraikin hori euskal jauregi-arkitektura eta ingeles kutsuko arkitektura uztartzen ditu.
  • Kai-Alde jauregia eta Luis Allende jauregia (Zugatzarte, 51 eta 55): Irlandako jatorria zuen Manuel Mª Smith bilbotar arkitektoak diseinatu zituen biak, 1925ean. Harlanduz egindako eraikin bikainak dira.
  • Cisco etxea (Zugatzarte, 61): Eskandinaviar moldeko jauregitxoa da, hori ere Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua (1909-1911). Gero, zaharberritu zuten, aparteko molde barrokoaren arabera. Halaber, Ana erreginaren arkitektura moldearen xehetasun batzuk erantsi zizkioten.

Cisco etxea igarota, ezkerrera egingo dugu, Arriluzeko itsasargirantz. Hala, "Urrezko miliara" iritsiko gara. Hantxe, itsasoaren aurrean eta lorategiz beterik dagoen pasealeku batean, jauregitxo eta etxe bikain ugari ikus daitezke.

Jauregitxo eta berealdiko etxe horien artean, honako hauek dira nabarmenenak:

  • Lezama Leguizamón (Atxekolandeta, 1, Algorta): J. M. Basterrak eginiko jatorrizko proiektua (1902) kontuan harturik, moldaketa eta berrikuntza gehien izan dituen etxea izango da. Manuel Mª Smith arkitektoak egin zuen proiektuaren azken moldaketa, 1921 aldean. Jauretxe dotore hori handia-handia da; Salamancako Monterrey jauregian oinarriturik dagoen erdiko dorrea gailentzen da.
  • Mudela jauregia (Atxekolandeta, 3, Algorta). 1910eko eraikina da, Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua. Lau angeluko oinplanoa dauka, eta harri-horma entokatuz eta harlanduz eginda dago.

Ampuero jauregia (Atxekolandeta, 9. Algorta). Manuel Mª Smith-ek diseinatu zuen 1928an. Batez ere, harlanduz eginda dago. Bestalde, neomenditar moldekoa da, garai hartako beste eraikin asko eta askoren modukoa.

  • Aizgoyen baserria (Atxekolandeta, 13. Algorta). Manuel Mª Smth Ibarraren obra zahar eta esanguratsuenetako bat dugu. Hain zuzen ere, 1910ekoa da, eta euskal baserrietan oinarrituriko erregionalismo-lan bikaina da. Harriz eginda dago.
  • Arriluze jauregia (Atxekolandeta, 15. Algorta) José Luis de Oriol-ek diseinaturiko eraikin hori 1913an amaitu zuten. Egitura eta apaindura atalak nagusi dira eraikin horretan. Horrela, jauregiak Erdi Aroko itxura du, eta Britainia Handiko Ana erreginaren eta Victoriar moldeetako kutsua du.
  • Atxekolandetako galeria edo Begoña lurmuturra (Algorta). Kostaldeko eitearen arabera egokituriko galeria handia da, zutabeduna eta balaustredun zabaltza batek estalia. Arriluzeko magala bermatzeko asmoz egin zen, Horacio Etxebarrietaren etxearen barruan (gaur egun ez da ia ezer geratzen). Rafael Bastidak diseinatu zuen galeria, 1918an.
  • Naufragoen etxea (Arriluze kaia, z/g. Algorta) 1920an dokumentaturiko etxe hori Ignacio Smith arkitektoak diseinatu zuen. Bi solairuko baserri handi baten eredura eginda dago. Izkina batean, irudi batez itsasotik ur gaineratzen diren arku zabal batzuen gainean, zirkulu-formako ebakidura duen itsasargi-dorrea dago.

Leku horretaraino iritsita, ibilbidetik aldendu eta Kirol portu berriko itsas eta aisialdi gunera joan ahal gara. Bertan, jatetxeak, tabernak, dantzalekuak, zinemak, dendak eta abar aurkituko ditugu. Arriluze kaitik oinez segituz gero, itsasargia dago mutur batean, gaztelutxo almenadun bat bailitzan. Arrantza zaleak horraino joan ohi dira.

Ereaga hondartzako pasealekutik ibilita, Algortako arrantza-porturaino -portu zaharra izenez ezaguna- helduko gara. Ibilbide honetan, Turismo bulegoa eta egoitza-eraikin dotoreak aurkituko ditugu. Eraikin horietara joatea dago hondartzatik bertatik, lorategi zainduen artean abiatzen diren bidexka eta zidorretatik.

Nola heldu

edit

Oso erraz irits daiteke Getxora, oso ongi komunikatuta eta kokapen geografiko bikaina baitu. Bilboko nazioarteko aireportutik, Loiutik, hurbil dago (minutu gutxira); autoz mugitzeko autopista-sarera sarbide zuzena du; Euskadiko lehenengo kirol portua bertan eraiki zen eta gurutze-ontzientzat itsasoz Euskadiko atea da; eta metroz, Bilboko erdigunearekin komunikazio zuzena du (sei geltoki). Ezaugarri horiek guztiek, ibilalditxo bat egiteko Getxo leku paregabea bihurtu dute. Gainera, Getxotik bi kilometrora, "Pride of Bilbao" ferryak Santurtzi eta Ingalaterra lotzen ditu astean bi aldiz.

Autoz

edit

Autobusez

edit

Metroz

edit
 
Metro Bilbaoko sarearen mapa

Bidezabaletik Areetaraino dauden geltokiak Getxoko geltokiak dira. Bidezabaleko geltokiak Andra Mari auzotik gertu utziko zaitu, baita etorkizunean martxa egongo den Ibarbengoako geltokia, Bidezabal eta Berango bitartean. Algortako geltokiak Algorta auzoko erdigunean dago, Portu Zaharrera hurbiltzeko egokiena. Bolueko hezegunera edo Larrañazubi aldera joateko Aiboa da geltokirik onena. Neguri zein Gobelak Kirol Portutik gertu kokatuta daude baita jauregietatik gertu. Eta azkenik, Areetako geltokiak Bizkaiko Zubitik gertu utziko zaitu, eta Txurrukako kaiatik ere.

Ontziz

edit

Bertatik nola ibili

edit